'Malkorik gabe' kantu berria kaleratu du Erabatera taldeak

Taldekide zen Mikel Caballerori eskaini diote single berria

Erabatera taldeak bere lagun eta taldekide izandako Mikel Caballerori eskaini dio kantu berria: 'Malkorik gabe'. Talde euskaldunak 2021ean atera zuen bere azken diskoa 'Izpi Galdua'.

Galerak eragindako iluntasun eta minetik abiatuta, argitasunari leihoa irekitzen dio 'Malkorik gabe' kantuak. Félix Buff-ek ekoiztu eta Johannes Buff-ek Tarnos herrian duen Shorebraker estudioan grabatua eta nahastua izan da. 

Gatibu, Ken Zazpi edo Willis Drummond bezalako taldeetan ordu anitz eman dituzten lau musikarik bat eginda sortu zen Erabatera. Gaizka Salazarren 🥁 (Gatibu) eskutik pixkanaka forma hartzen ari ziren letra ugarik proiektu bilakatu ziren. Hasieran, Mikel Caballerok, Beñat Sernak 🎸 (Ken Zazpi) eta Jurgi Ekizak 🎤  (Willis Drummond) adiskideek bat egin zuten. Egun,  Jurgi Ekizak, Gaizka Salazarrek, Igor Arzanegik 🎸, Josu Aginagak 🎸 eta Miguel Moyanok 🎹  osatzen dute.

Ainhoa Benito Ibañez